Probak egiten hasi naiz, ea eskaneatutako irudiak hartuz, nola har dezakedan behar dudan irudia, bere neurria, nola zentratu etabar.

Egin dudan lehen gauza, tintinen liburua bera neurtzea izan da. Orri arrunt batek 21,5 cm x 29,4 cmko neurria du. Beraz, photoshopa hartu, eta neurri horretako "olana" sortu dut. Gero, komikien binetek okupatzen duten zatia neurtu dut. Geroago konturatu naiz liburu guztiek ez dutela neurri bera binetei dagokienez. Adibidez Castafioreren altxorra liburuan, 18,5 cm x 24,8 cmko neurria du. Racham gorriaren altxorrean 18,1 x 24, 8 cm.
Beraz hauxe egin dut. 21,5 x 29,4 cmko olan zuria sortu dut, eta gero bertan zentraturiko kapa urdin erdi-garden bat. Zentratzeko, kontrol+A sakatu behar da, eta gero honako botoi hauekin zentratu.


Hurrengo pausua, eskaneatutako irudia kapa urdina eta zuriaren artean jarri, eta binetak urdinaren neurrira egokitzea izan da.

Hemen ikusten da, nola lagungarria den kapa urdin erdi-garden hori duen gainean.
Eta hemen azpian, kapa urdina kenduta.

Prozedura hau, komikiko 65 orrialdeekin egin beharko litzateke, gero azpiportadek eta portadek beste neurri batzuk dituzte, baina prozedura bera erabili beharko litzateke. Gero agian, irudiei filtroren bat ezarri beharko litzaieke.
Niri otu zaidan prozedura bat da. Agian beste era errazagoren bat egon daiteke, baina uste dut egiteko era zuzena dela.