Nor gara gu?

Sortzailea Arsenicum, 2018ko Azaroaren 02a, 15:24:12

« Aurrekoa - Hurrengoa »

0 erabiltzaile guztira eta 1 Bisitari erabiltzaile gai hau ikusten ari dira.

Arsenicum

2018ko Azaroaren 02a, 15:24:12 Azken aldaketa: 2020ko Urriaren 16a, 22:24:32 Josu Etx(e)k egina
- Zer da EUSKAL ENCODINGS?

Euskal-Encodings proiektua, euskararen erabilera sustatzeko helburua duen irabazi-asmorik gabeko euskal komunitate irekia da.
Horretarako, nagusiki ikus-entzuneko materiala sortu zein partekatu egiten dugu foru formatuan. Teknikoki P2P sistema erabiltzen dugu, hau da, edozein erabiltzailek igo dezake edukia komunitatera eta eduki hori edonork jeitsi dezake.

Gure arauetan ikusi ahalko duzunez, Euskal Herriko ekoizleei kalterik ez egiteko dugun borondatea dela eta, irizpide batzuk kontutan hartzen ditugu, eta hori dela eta, ez dugu edozer plazaratzen utziko.

Arauak betetzen direla ziurtatzen dituzten 11 administratzailek osatzen dugu Euskal-Encodingsen muina, laguntzaile eta ekintzaile gehiago ere dauden eta izan diren arren.


- Noiz eta zergatik sortu zen EUSKAL ENCODINGS?

Gure hastapenak ezagutzen ez dituzuenoi harrigarria egingo zaizue hau...

2003an Frozen-Layer foroko hainbat euskal erabiltzailek euskarazko ikus-entzunezko materiala ekoizteko nahia agertu zuten. Hori dela eta, Orophin erabiltzaileak Euskal Encodings foroa sortu zuen 2003ko azaroaren 24an.

Proiektuari gogo handiz ekin bazioten ere, garai hartan oso zaila zen ekimen hauek aurrera eramatea, izan ere:
  • Ikusentzunezkoen euskarri ohikoena oraindik VHSa zen.
  • Ez zen ohikoa jendeak material analogikoa digitalizatzeko baliabideak izatea.
  • Foroak bezalako elkarguneak oraindik ez zeuden errotuta, beraz zaila zen materiala zeukan jendea aurkitzea.
  • Interneten muntaiak egiteko bideoak aurkitzea zaila zen.
  • Interneteko konexioak oso kaxkarrak ziren.

Politika aldetik ere foro nahiko bitxia zen; nahiz eta euskarazko foroa izan, idazten ziren mezu apurrak gazteleraz ziren (gaur egun ezabatuta daude horregatik). Hilabeteren buruan proiektuak indarra galdu eta foroa abandonatuta geratu zen bi urtez, 2005eko abendurarte.

Artean, 2004 inguruan, pelikulak eta serieak jaisteko booma goraka zihoala, zenbait euskal erabiltzailek Dragoi Bola euskaraz bilatzeko saiakera egin zuten. Ez zuten aurkitu, oraindik inork ez baitzuen muntaia egin, baina existitzen ez bazen, beraiek egin beharko zutela erabaki zuten.

Pixkanaka-pixkanaka aurrerapausoak eman ziren:
  • Seriearen bideo batzuk aurkitu ziren Interneten.
  • Iruindar bat agertu zen serie ia osoa VHSan grabatuta zeukana.
  • Audioak digitalizatzen eta sinkronizatzen ikasi zen.

Proiektua itxura hartzen hasi zen eta foro bat behar genuela ikusi genuen. Garai hartan taldekide gehienon informatikako ezagutzak nahiko oinarrizkoak ziren: "hosting", "domeinua"... Zer da guzti hori? Baina zorionez taldekide batek zerbait kontrolatzen zuen eta phpbb foro bat sortu zuen www.dragoibola.com domeinuarekin. Nahiz eta Euskal-Encodings foro zaharragoa izan, gure hastapenak www.dragoibola.com helbidean daudela esan daiteke.

Urtebete inguru pasatu ostean, egun batetik bestera, foroa erorita geratu zen. Laburbilduz, hostinga eta domeinua bukatu ziren eta administratzailea desagertu egin zen. Egun batetik bestera foro gabe geratu ginen eta inork ez zuen foroen asunto hau kontrolatzen.

Euskal Encodings foroak bi urte zeramatzan aktibitaterik gabe, baina martxan zegoen. Gutariko inork ez zekienez foro bat sortzen, dagoeneko sortuta zegoen foro batera mugitzea bururatu zitzaigun. Orophin administratzailearekin harremanetan jarri ginen gure asmoa azaltzeko; ideia gustatu zitzaion, baina tamalez ez zeukan foroaz arduratzeko astirik, beraz, administrazioko datuak eman eta foroa gure eskuetan geratu zen. Zorionez Aokromes erabiltzaileak laguntza izugarria eskaini zigun eta urte luzeetan zehar foroaren mantenua bere gain hartu zuen.

Normala den moduan, nahiz eta hasiera batean Dragoi Bolara enfokatuta egon, foroak euskarazko edozein ikus-entzunezko material ekoizten bukatu zuen.

- EUSKAL ENCODINGS gaur egun

Azkenetako urteetan ordea, teknologia eta baliabide berrikuntzak direla eta beste helburu batzutara iristen saiatzen ari gara, hala nola, bideo edukiak online eskuragai jartzen saiatzen, edota azpititulatutako film eta telesail gehiago izaten, behar eta gustu berrietara moldatzearren.

2019an berritze prozesu bati ekin genion. Aurkibide berria eraikitzen hasi, logoa eta foroko itxura aldatu... Berritze hau ez da oraindik bukatu; helburua egitura moderno, erakargarri eta erabil-erraza izatea da, atzerriko plataformen ondoan konpetitiboak izatea lortzeko eta inork gu itzal egin ahal ez izateko. Euskal Herriko jende arrunt askoren lana, beste plataformen jabeak diren aberats gutxi horien kontrolpetik at, euskararen erabilera kultur alorrean atzean geratu ez dadin.

Orain ez da soilik EiTB-ko telesailen grabaketak igotzen dituen komunitate txiki bat. Handitzen doan eta eduki kultural ugari dituen komunitate bat baizik. Film eta telesailetaz gain, komikiak edota jokuak ere eskuragarri dauzkagu eta.
Zu batzen bazara eta komunitate hau handitzen laguntzen baduzu, nork jakin noraino iritsiko garen.

Animatu eta parte hartu!
Geuk egin ezean, gureak egin dau.

Josu Etx

2020ko Urriaren 14a, 22:33:40 #1 Azken aldaketa: 2020ko Urriaren 14a, 22:47:44 Josu Etx(e)k egina
Berritzen aritu naiz (ta pixka bat motibatu ere jejeje) zerbait gustatzen ez bazaizue aldatu lasai.
Norbaitek bete dezake "Noiz sortu zen" atala? Zerbait gehiago gehitu genezake?

Aju

Abuelo Cebolleta pasatu da lehen mezutik.

Josu Etx

Aipamenaren egilea: Aju  Noiz: 2020ko Urriaren 16a, 00:29:33Abuelo Cebolleta pasatu da lehen mezutik.

Aupa hor! Mila esker, oso ongi azalduta!